Aupa piratak!
Batzuk jakingo duzuenez, Piraten mugimenduaren 10 urteko ibilbideari buruz dokumentala egiten ari gara (ikusi hemen trailerra). Kontua da, elkarrizketak, grabaketak eta muntaketak aurrera doazela, baina gabezia batekin egiten dugu topo behin baino gehiagotan: artxiboko irudiak falta ditugu askotan adierazi nahi duguna erakusteko.
Horregatik, laguntza eskatu nahi dizuegu, ziurrenik zuetako batzuek izango baituzue material zaharrik, eta ez baduzue, agian ezagutzen duzue izan dezakeenik. Hauxe da behar duguna:
2002ko koadrilen arteko jokoetako irudiak. Argazkiak edo bideoak, edozer.
2003 eta 2004ko Abordaietako irudiak, bideoan badira hobe. Argazkiak baldin badira, ahalik eta kalitate handienean eta berdin du formatuak.
2004tik 2007 bitarteko bideoak ere interesatzen zaizkigu. Lehenbiziko irrikitaldia, kontzertuak, eta abar.
Laguntzeko aukerarik baduzue, benetan estimatuko genizueke, gure historia ahalik eta txukunen kontatuta uztea garrantzitsua baita!
Inork materialik balu, hemen beheko iruzkinetan jarri zuen izena eta emaila (emaila ez du publiko egiten) eta zer den daukazuena, eta jarriko gara zuekin harremanetan. Bestela, idatzi zuzenean email bat izanpirata@gmail.com helbidera, eta ea zer egitea lortzen dugun, bideoa bada, pasako gara hartzera edo moldatuko gara! Kredituetan, eskerren atalean zuen izen-abizenak jarriko ditugu, noski.
Epez nahiko larri gabiltza, eta irailaren 17 arte daukagu materiala sartzeko.
Lagunduko diguzue mezua zabaltzen?
Eskerrik asko eta besarkada handi bat guztioi!!


Nik bideo dexente ditut, baino datorren asterarte ezin det ezer egin.
Nere helbidera idatzi eta hitz egingo degu.