Aupa Piratak! Zer moduz zabiltzate? Ongi? Gu hemen, jo eta ke. Dokumentalarekin ari gara gehienbat, eta egia esan, ia amaitzear daukagu. Orain gainera, zuen laguntza behar dugun unera iritsi gara, eta horregatik idazten dugu.

Verkami izeneko plataforman gure dokumentala aurkeztu dugu. Bertan, jendeak gure dokumentala babestu dezake, eta aldez aurretik konprometitu, behin babes nahikoa izatera heltzen bada, erosi egingo duela. Hala, tresna berriok  dokumentala ahalik eta zehatzen azaldu dugu, baita trailerra ikusgai jarri ere. Bertan, dokumentala babesteko aukera duzu, eta noski, ekonomikoki egindako ekarpenen ondorioz, dokumentala etxean jasoko duzu. Azken finean, aldez aurretik erostea da guztia, eta horri esker, guk lana aurrera atera ahal izango dugu. Lagunduko diguzu? Verkamikoa publiko egin eta denbora gutxian jada hainbat pirataren babesa lortu dugu! Eskerrik asko! Hemen jartzen dizuegu trailerra aurrera jarraitu aurretik.

Donostiako Piratak herri mugimendua Udalak antolatzen zuen Aste Nagusiarekin hautsi nahi zuten gazte batzuek sortu genuen. Hitzetatik ekintzetara pasa eta urte askotan programa ofizialaren alternatiba izan den eskaintza antolatu dugu. Egun, Udalaren aitorpena ere lortu dugu.

Geroz eta koadrila gehiago dira jolasetan parte hartzen dutenak.

Geroz eta koadrila gehiago dira jolasetan parte hartzen dutenak.

Ideia batzuetan oinarritzen dugu jarduna: Jaiak herriarenak dira eta horregatik, herrikoiak eta partehartzaileak behar dute izan, festa euskaldunak nahi ditugu, genero berdintasuna eta ingurugiroa errespetatzen dutenak. Urtez urte frogatzen ari gara ametsak errealitate bihur daitezkeela eskuak elkartu eta urrats sendoak emateko borondatea badago.

Crowdfunding kanpaina hau gure finantziazio kanpaina bakarra da. Mugimenduko hainbat bolondresek urtebete inguru daramagu honekin lanean, baina amaitzeko laguntza ekonomikoa behar dugun puntura heldu gara, horregatik jotzen dugu zuongana. Elkarrizketa batzuk grabatzea, azpitituluetarako itzulpenak egitea, offeko ahotsak grabatzea, grafismoa lantzea eta DVD euskarrian bertan txertatzea falta zaigu nagusiki.

Dokumental honekin gure esperientzia azaldu nahi diogu Donostiakoa, Euskal Herrikoa edo nonahikoa den eta herri mugimenduetan interesa duen edonori. Gure txikitasunetik, denok harro egoteko moduko zerbait lortzen ari garela uste dugu.

Piraten mugimenduko hainbat kide profesionalki ikus-entzunezkoetan aritzen gara, eta dokumentalak egiten esperientzia dugu. Hala ere, hau da Donostiako Piraten izenean egiten dugun eta dimentsio hauek dituen lehen horrelako lana.

La Flamenka gunean kontzertuak egiten ditugu gauero.

La Flamenka gunean kontzertuak egiten ditugu gauero.

Gutxienez, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko azpidatziak jarriko dizkiogu dokumentalari. Gorrek ere dokumentalaz gozatzeko parada izan dezaten, euskarazko azpitituluak ere jarriko dizkiogu lanari. Bide batez esan, lana munduan ahalik eta gehien zabaltzeko bideak jarri nahi ditugula, eta estimatuko genukeela benetan goian aipatu gabe geratu den hizkuntzaren bat badakizu eta kausa honi laguntzeko prest bazaude izanpirata@gmail.com helbidera email bat bidaliko bazenigu. Moldatuko ginateke itzulpena nola egin behar den erraz irakatsi eta elkarrekin lan egiteko. Asko eskertuko genizuke, eta jakin, itzultzaileak bilatzeko deialdia irekia geratzen dela beraz.

Gure ideiekin bat datorrelako, eta Donostiako Aste Nagusiari buruzko materiala denon eskura egotea nahi dugulako, dokumentala Creative Commons – Aitortu – Partekatu (CC-BY-SA) lizentziekin argitaratuko dugu.

Amaitzen joateko, ohartzen gara azken urteotan Donostian ilusio handia sortu duela jai herrikoien aldeko mugimendu honek. Asko pozten gaitu, eta azalpen garbia du honek:Herritik sortua da eta herriarentzat egiten dugu bertan dena. Denona. Gainera, orain barne antolakuntza aldatu dugu urtez urte sendoago hazten joan dadin, eta jende gehiagorengana hel gaitezen. Guztiak ongi etorriak zarete itsasontzi honetan, eta hamarkada honetan hainbat pertsona nekaezinen lanari esker, Udalak jarritako mila traba gaindituz, milaka gara Donostian edozer dugula posible sinesten dugunak. Guzti hau, errepikatuko dugu, inongo irabazi asmorik gabe eta oinarrizkoak diren balore batzuen gainean lan eginez.

Egun bizi dugun mundu honetan, balore aurrerakoietan oinarritutako alternatibak eraikitzea ezinbestekoa dela sinesten dugu, inguruan dena beste norabidean doala saldu nahi baitigute, gurea bezalako proiektuak ameskeria hutsa direla. Baina gertatzen dena kontrakoa da, halako esperientziak beraiek dira froga bestelako jendarte bat eraikitzeko gai garela erakusten dutenak. Herritarrak aktibatu eta elkarrekin lan eginez gero lor dezakegun jendarte justuago bat.

Hasteko, Donostiako herritarren aurrean gure historia kontatu nahi dugu, inongo komunikazio arazorik gabe, dokumental formatuan, orain arte denon artean egin dugun bidea zein izan den perspektiba batekin ikusteko. 80ko hamarkadako portuko istiluetatik hasita, Donostian jai herrikoien aldeko mugimenduaren errepasoa egin dugu, piratetara iritsi eta aurrera goazela argi uzteko.

Duela hamar urte geunden egoeran dagoen jendea ere animatu nahi genuke lan honekin, elkartu eta antolatzera anima daitezen; edo jada lanean ari diren mugimenduei ideiaren bat edo emateko balioko balu lan honek, esango genuke erabat beteko lukeela dokumental honek bere helburua. Lagunduko diguzu mezua zabaltzen? Izan pirata.

Share →

2 Responses to Dokumentala amaitzear gaude, eta zuen laguntza behar dugu!

  1. [...] Donostiako Piratek laguntza eskatu zuten mugimenduaren ibilbidea jasoko duen dokumentala bukatu ahal izateko. Verkami plataformaren bidez Izan Pirata filma egiteko ekarpenak jaso dituzte, eta bost egunean helburua lortu dute. Piratek 3.000 euro behar zituzten lana bukatu ahal izateko, eta jada diru kopuru hori biltzea lortu dute. Elkarrizketa filosofikoa, Amaran function receiveSize(e){ if (e.origin === "http://berriketan.info&quot ;) // for security: set this to the domain of the iframe – use e.uri if you need more specificity document.getElementById("berriketan").style.height = e.data + "px"; } window.addEventListener("message", receiveSize, false); OAS_AD('Right1'); OAS_AD('Right2'); LaburrakElkarrizketa filosofikoa, Amaran [...]

  2. Juanmari sagarzazu says:

    Aurrera piratak!!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>